Zamorako apaiz-kartzela. Eliza eta estatuaren presondegia (1968-1976)



Zamorako apaiz-kartzela. Eliza eta estatuaren presondegia (1968-1976)

http://www.euskonews.com/0619zbk/gaia61901eu.html

Josu NABERAN, Zamoran preso izanikoa

Munduan kasu bakarra, nonbait. Frankismoaren azken urteetan, 1968tik 1976ra arte, Espainiako Estatuan kartzela bat egon zen bereziki euskal apaiz eta fraideentzat sortua. Nahiz eta hasiera batean euskal apaizak izan ziren han espetxeratuak, gerora gainerako espainiar Estatuko beste apaiz eta fraide batzuk ere espetxeratu zituzten bertan: bost kataluniar, bi gaztelar, bi galiziar eta asturiar bat. Guztiak Elizaren eta espainiar Estatuaren gatibuak izan ziren. Hain kartzela berezi hori Zamorako kartzelaren pabilioi bat zen, probintziala izandakoa. Horma batek bereizten zituen beste presoen pabiloietatik. Kartzela eraikin zahar hori hiritik bi kilometro ingurura zegoen, Portugaleranzko errepidean. Eta Euskal Herritik 400 kilometro ingurura. Aipaturiko kartzela berezia “Konkordatu Kartzelatzat” hartu zuten 1968az geroztik, Elizak eta espainiar Estatuak 1953ko konkordatuan sinatuak zituzten akordioen ondorioz.
Zamorako apaiz-kartzela liburua
Zamorako apaiz-kartzela liburua.

Aniztasuna eta testigantza polifonikoa. Apaiz edo fraide euskaldunei dagokienez, 40 bat egon ziren gatibu, gehi isunak ez ordaintzeagatik hilabeterako sartu zituzten hainbat. Kartzelaratuei ezarritako kondenak urtebete baino gutxiagotik 20 urte baino gehiagora artekoak izan ziren. Horrela, 30ek urtebeteko kondena txikia betetzen zuten, zortzik 8 urtera arteko zigorrak zituzten, beste hamahiruk 12 urtera artekoak, eta beste bik 20 urtetik gorakoak. Bistan da, beraz, leku ezberdinetatik eta bataila anitzen ondorioz heldu zirela Zamorara: erregimenaren kontrako agiri, sermoi, manifestazio, greba, konpromiso militanteak...
Zera dio, sarreran, liburu honen koordinazio lana bete duen Angel Zelaietak: “Gure asmo apala, baina biziki gogotsua, 1968-1976 hamarkadan Francoren aginte, Vatikanoko Eliza eta euskaldun apaizen artean gertaturiko gatazkaren berri ematea da. Zehatzago esateko, borroka horretan puntakoen izan zirenen testigantzak bildu nahi ditugu, bakoitzak eman liezazkiokeen ñabardurak barne. Lekukorik gehienak euskaldunak dira, bizkaitarrak ugari eta baita zenbait espainiar Estatuko ere.”
Protagonistek eurek harildutako kontakizuna. Lekukoek zuzenki kontaturiko bizipen eta emozioen freskotasuna dauka liburuak. Zerk eraman zituen kartzelara, zelan bizi izan zuten kartzela aldia...
Ordu onean dator lehenengo pertsonan egindako narrazio hau, memoria historikoari egindako ekarpen gisa. Konkordatu Kartzelan bizi izandakoa eta apaizok harako bidean jarri zituena euskal historiaren kapitulutxo bat da. Hertsiki loturik gure herriak hirurogeiko hamarkada hartan bizi izan zuenarekin.
Euskal Herriaren hirurogeiko hamarkada. Hamarkada horren hondarrean, artean bezala, Euskal Herria frankismoaren botapean zegoen, bere eskubide berezko, sozial eta politikoak zapalduta. Klandestinitatean antolaturik erregimen frankistari aurre egiten ziotenak torturatu eta kartzelatu egiten zituzten.
Bitartean eliz hierarkia, erregimen frankistarekin ados, isilik zegoen eta zigorrez erantzuten zien bere baitako apaiz edo laikoei, frankismoaren eta gizarte, politika eta eliz giroaren kontra eta Euskal Langile Herriaren alde altxatzen zirenean.
Euskal Herriak bizi zuen zapalkuntza-egoera eta eliz hierarkiaren konplizitatea euskal apaizteriaren zati handi batek ikusten zuen. Nabarmena zen orduan kleroak herrian zeukan eragina, boterea, eta apaiz talde batek botere hori Estatu zapaltzailearen aurka erabiltzea erabaki zuen kontzientzia osoz. Horrela, apaiz eta fraide kontestatarioek ekintza indibidualak burutu zituzten hasiera batean, igandetako predikuetan egoera salatuz, Maiatz Leheneko eta Aberri Eguneko manifestazioetan parte hartuz. Ekintza horien ondorioz isunak eta atxiloketak batu zituzten.
Xabier Etxebarrieta
“Guardia Zibilak hil zuen Txabi Etxebarrieta ETAko buruzagiaren heriotza, 1968an, astindu handia izan zen Euskal Herriarentzat, zeinak modu askotara protestatu zuen kalean eta eliza batzuetan.”

Jarraian ekintza kolektiboak etorri ziren. Hala sortu zen GOGOR taldea Bizkaian, zeinen bidez gune industrialagoan eta gune euskaldunagoan bizi ziren apaizak planteamenduak bateratu —Euskal Langile Herria kontzeptua sortu zuten— eta ekintza kolektibo garrantzitsuak burutzeko gai izan ziren. Horietariko lehenengoa 1967an, Etxebarriko Bandas fabrikako grebalariei solidaritatea agertzeko, Bizkaiko gobernu zibilaren egoitzaraino manifestazioan joan ziren 60 apaiz euren sotana beltzekin, non polizien jarrera mehatxatzaileari eutsi zioten.
Guardia Zibilak hil zuen Txabi Etxebarrieta ETAko buruzagiaren heriotza, 1968an, astindu handia izan zen Euskal Herriarentzat, zeinak modu askotara protestatu zuen kalean eta eliza batzuetan. Haren aldeko mezak debekatu zituzten eta sermoiengatik hainbat isun ezarri.
Derioko seminarioaren okupazioa. Ikusirik hierarkiaren eta erdi-mailako arduradunen pasibotasun iraunkorra, Bizkaiko hirurogei bat apaizek, Gogor taldekoek, beren jarrera gogorragotzea erabaki zuten eta 1968ko azaroaren 4an Derioko Seminarioa okupatu zuen, Vatikanoaren esku-hartzea galdatzeko eliza pobre, libre, dinamiko eta bertokoaren alde. Okupazioa hasi eta handik lasterrera seminarioa polizia nazional espainolak inguratuta ikusi zen. Hogeita bost egunez albiste-iturri estatala bainoago internazionala izan zen.
Izugarrizko errepresio politiko eta soziala 1969an. Urte horretan gertatu zen errepresio politiko eta sozial gordinena. Bi mila pertsona baino gehiago, euretarik mila inguru Bizkaikoak, atxilotu zituzten eta 400 inguruk erbestera ihes egin behar izan zuten, euren artean hainbat langilek, erakunde sindikaletako kidek eta apaiz eta fraide mordo batek ere. Martxoaren 2an presoen aldeko hainbat ekintza egin ziren Hego Euskal Herrian. Polizia bortizki sartu zen Donostiako Artzain Ona katedrala okupaturik zeukaten 200 lagunen kontra, eta batzuk atxilotu egin zituzten eta beste batzuek erbesteratu egin behar izan zuten.
Bestalde, apirilaren hasieran, ETAren zuzendaritzako 7 kide atxilotu zituzten Bilboko Artekaleko pisu batean eta Mogrovejon (Asturias).
Mikel Etxebarriak, zaurituta, ihes egitea lortzen du. Lehenengo, taxi bat hartzen du eta Bilbotik urrundu; baina taxilariarekin izandako tirabiran, hura hil eta Mikelek mendian zeharreko ihes luze bati ekiten dio. Azkenean, jende askoren laguntzari esker —euren artean abadeak— ihes egitea lortzen du. Ekintza horren kariaz, abade mordoxka batek amaituko du Zamoran, aurretik komisarian torturak jasan ondoren.
Antza denez, Gobernuak uste du oraingoan benetan menderatu duela ETA; eta kaleko borrokei eta euskal erresistentziari amaiera emateko azken oldarraldira joko du.
Kontua da komisarietako torturak nabari eta ezagun bihurtzen direla jende guztiarentzat. Eta horrek bultzatu zuen, gehienbat, obispaduan gose-greba bat egitearen ideia. Bost apaizek burutu zuen ekintza, agiri gordin baten bidez errepresioa eta torturak salatuz eta Estatuari berari egotziz terrorismoa. Epaiketa sumarisimo batek hamar eta hamabina urteko kondenak ezarri zizkien eta haiek ere Konkordatu Kartzelara bidali.
Alberto Gabikaren aurkako epaiketa dela eta, apaizak Madrilen TOParen aurrean, 1965ean
“Zamoran preso geunden apaizok sarritan saiatu ginen Konkordatu-Kartzela deitutako sator zulo hura eraisten. Mutin bat ere egin genuen kartzela erdia apurtuz. Baina hori baino lehen, 1970-71n preso geunden hamahiru lagunek ia-ia burutzea lortu genuen ihes saio bat egin genuen.”

Konkordatu Kartzela. Badakigu, beraz, zergatik sartu zituzten kartzelara apaiz euskaldunak. Behin barruan, beraiek kontatzen digute zuzenean eta banan-banan, argitaratu berri den ia 400 orrialdeko liburuan, kartzela hartan bizi izan zuten esperientzia. Hogeita bost pertsonaren ekarpenak osatzen du lekukotza.
Kartzelaren beraren baldintza kaskarraz, isolamendu eta zentsura zorrotzaz, hango eguneroko bizimoduaren zertzeladez, barruan egin zituzten ikasketaz —batik bat, euskararen gaineko lanak eta ikerketak—, ihesbideaz, mutinaz, gose greba latzez eta beste hainbat gauzaz hitz egiten digute. Hona hemen pasarte batzuk:
“Patioko hormetako bati itsatsita, kartzela nagusiko sukaldeko tximinia zegoen, goizetik gauera arte kea eta kedarra zeriola, bai patioa eta bai kartzela probintziala bera, beheko eta erdiko solairuak batez ere, kedarrez belztuta uzten zituena. Kedarraren mantxak baino okerragoak ziren bere osagaiak, anhidrido karbonikoa (CO2), karbono monoxidoa (CO) eta anhidrido sulfurosoa (SO2) eta kedarra (C). Zein patioan zein eguna igarotzeko geletan, eta neurri txikiagoan izan arren logelan ere bai, ke hauek irenstea beste erremediorik ez zegoen.”
“Azarotik apirilaren azkenetaraino ez da eguzkirik ikusten. Hotza handia izan ohi da Zamorako neguetan, bai egunez eta bai gauez jasan beharrekoa; izan ere, neguko gauetan, maiz, zero azpitik -10º graduraino jaisten zen tenperatura eta, kontutan izanik patiotik logelarako tartean ez zegoela eskailera eta burdin barra lodizko atea baino, ez zen harritzekoa zero azpitik -5º gradutako tenperatura izatea logelan.”
Beraz, Konkordatu Kartzela hura ez zen inondik ere “pribilegiatua”, baina apaizak bereiz mantentzea pribilegiotzat hartzen zenez, egoera horren kontra borrokatu behar izan zuten hasiera-hasieratik:
“Zamoran preso geunden apaizok sarritan saiatu ginen Konkordatu-Kartzela deitutako sator zulo hura eraisten. Mutin bat ere egin genuen kartzela erdia apurtuz. Baina hori baino lehen, 1970-71n preso geunden hamahiru lagunek ia-ia burutzea lortu genuen ihes saio bat egin genuen.”
“Gure salaketa nagusia zen han geunden apaizok ez genuela nahi tratu konkordatariorik, hots, elizgizonak bereiz edukitzeko ‘pribilegiorik’. Hori, bestalde, isolamendu zorrotzagoan edukitzeko aitzakia bat besterik ez zen. Guk geure burua preso politikotzat aldarrikatzen genuen, eta ohiko preso politikoen statusa bindikatzen, kartzelako bizitza ere euren baldintza eta toki berdinetan eramateko. Ahal genituen presioak egin ondoren, eta Elizak ez zuela ezertan mugitu nahi ikusirik, azkenean, ekintza bortitz bat burutzea erabaki genuen.
Zamorako apaizen mutina edo “tornadoa” deitu izan zitzaionak hots handia atera zuen kanpoan.”

Comentarios

Entradas populares de este blog

LA ISLA DE CHACHARRAMENDI Y LOS GANDARIAS

PERSONAJES DE MUNDAKA