PAIZARRETA/PAISARRETA

Larragoko Iturria (Busturiko Gohierrin)


-->
PAIZARRETA/PAISARRETA

Busturiako Paizarreta/Paisarreta nondik etor daitekeen asmatzeko, hitza bera eta ingurua aztertuko nituzke.

1.- LEHENENGO HIPOTESIA: PAGO ZAHARRAK
Azken mendean behintzat Busturiako herriak Paizarreta/Paisarreta esan du. Baina azken hamarkadako agintariek (nire ustez sasijakintsuek) PAGOZARRETA izena jarri diote.

Beraz PAGOZARRETA izena aztertuko dut lehenengo

PAGO ZAHARRAK hitzetik baletor

Izenaren bigarren partea “Zarreta” “zaharrak” hitzetik erraz etor daiteke
Zer? Pago Zaharrak
Non? Pago Zaharretan
Nondik? Pago Zaharretatik
Nora? Pago Zaharretara
Nongoa Pago Zaharretakoa

Zaharra hitza Durangaldean, adibidez, batzuek esaten dute “zaarra”, baina hemen “Zarra” esan da beti; beraz Zugaztiak hitzetik “Zugaztieta ” atera den legez (eta beste hainbat holako daude) Zaharrak (edo Zarrak) hitzetik “Zarreta” aterako litzateke. “Zarreta” horretan, bada, ez dago zalantzarik

Zalantza PAI horretan dago

PAGO hitza Busturian “pagu ” esaten da (astoa/astue; oiloa/oilue; garoa/garue soloa/solue eta mila holako; beraz pagoa/pague). Hemen ez da esaten adibidez Errigoitin esaten den legez: astoa, oiloa, soloa.... Inguruaren eta baserriaren izena Pago Zaharreta (Pagozarreta) balitz, Pago hitzaren bilakaera logikoa hau izango litzateke: Pagozarreta-Paguzarreta-Pauzarreta. Baina inola ere ez Paizarreta

Paizarretak, bada, ez dauka zerikusirik Pagozarretarekin. Beraz beste irtenbide bat aurkitu beharko zaio.

2.- BIGARREN HIPOTESIA: PAGADI ZAHARRAK

Daitekeena da “Pagadi ” hitzarekin zerikusi izatea.

Altuerari dagokionez Paizarreta Sollube mendiaren erdi inguruan dago. Esan daiteke, bada, Busturiako lurraldean goren dagoen baserria dela eta ingurua bera ere goian dago (pagadiak egon ohi diren lekuan). Bere inguru gehiena basoa da; beraz, ez da arraroa antzina batean ere han inguruan zuhaiztiak eta pagadiak (pagadi zaharragoak eta gazteagoak) egotea eta inguru hura “pagadi zaharrak” izenaz adieraztea. Itxura denez, gainera, oraindik ere Paizarreta izenaz eremu nahiko zabala ezagutzen da, inguruko basoak ere izen horrekin ezagutzen direlako –adibidez Erdiko Errotakoak—)

Pagadi Zaharrak hitzetik baletor, Pagadizarreta izango litzateke. Goian ikusi dugun “zarreta” hitzaren bilakaera.

Eta “Pagadi ” hitzarena zein izango litzateke? Pagadizarreta, Pagaizarreta, Paaizarreta, Paizarreta
Pagadi hitzaren bilakaera:
Pagai (gogoan izan Bizkaian “Pagai” deiturak daudela)
Paai,
Pai
Pai horrek, bada, zerikusia Pago hitzarekin barik Pagadi hitzarekin dauka.

3. HIPOTESIA: PAISARRETA

Nire ustez, Pagadi Zaharrak hitzetik dator. Baina badago esaten duenik (arrazoiarekin ala arrazoi barik, ez dakit) Itsasaldeko Sollube inguruan ez dela egon pagorik, haritzak, arteak eta abar baino. Hori egia balitz (hor ez dela egon pagadirik), orduan beste bide bat hartu beharko litzateke. Eta, egon, badago nire ustez, nahiz eta apur bat behartua izan.

Paisarretaren hegoaldean Paresi/Parisi dago eta Ipar-mendebaldean Pareko landa. Bestalde, hor inguruan Arrieta, Arritara, Aritara, Arriona, Arriaga, Arriola ... nonahi aurki daitezke.
Suposatuko bagenu Parisi “Pare hesitik ” datorrela eta beste puntan “Pareko Landa ” dagoela, inguru hori Pare/Pari izenarekin zerikusi duen lurraldea izan liteke eta Paresi Parisi bihurtu den moduan Paresarreta erraz bihur daiteke Parisarreta, Paisarreta. Nork jakin! Eta Arrieta (bigarren zatia) ere “arreta ” erraz bihur daiteke.

Baina Pare/Pari hori nondik dator? Batek daki! Hala ere, Pare/Pari hor dago.

Ni ziur nago PAIZARRETA izena PAGO ZAHARRAK hitzetik ez datorrela. Beraz, Pago Zarrak hitza baztertu egingo nuke eta gehiago oraindik Pagozarreta, herriak inoiz erabili ez duena delako, eta erabili ezin duena (Paguzarreta edo Pauzarreta erabiliko lukeelako).

Nik PAGADI ZAHARRAK, edo PAIZARRETA izenaren aldeko aukera egingo nuke, hitz jatorra horixe delako. Eta kultismoaren aukera egingo bagenu jatorrizko berba jarriko nuke: “PAGADI ZAHARRAK” Ostera, hitzak herriaren ahoskeran izan duen bilakaera nagusitzat hartuko banu, orduan ez nintzateke bide erdian geratuko eta “PAIZARRETA” hartuko nuke.

Hala ere hor geratzen da PAISARRETA edo PARISARRETA izenen aukera ere. Hau aukeratuko balute, ni isilduko nintzateke, zalantzak ditudalako. Baina PAGOZARRETA aukeratzearen kontra nago, ziur nagoelako PAGO ZAHARRAK hitzetik PAIZARRETA izena ezin dela etorri.

Julen Kalzada Ugalde

Comentarios

Entradas populares de este blog

LA ISLA DE CHACHARRAMENDI Y LOS GANDARIAS

PERSONAJES DE MUNDAKA