Askatasun eguzkia: Sabino Arana, erakusteko moduko bizitza
Sabino Aranaren bizitza hainbat ikuspuntutik jasotzen duen erakusketa dago ikusgai Bilboko María Diaz de Haro kalean dagoen Ondare aretoan, Bizkaikoa erakundeak antolatuta, euskal abertzaletasunaren sortzailea jaio zeneko 150. urteurrena dela eta
Joseba Agirreazkuenagaren erreportaia - Sábado, 27 de Febrero de 2016 - Actualizado a las 06:04h
DEIA: Euskaldunen istorioak
1.-Lehen data, 1865koa dugu, Sabino Aranaren jaioturtea. 1864ean, Bizkaiko Batzar Nagusietan aldarrikapen politiko berritzaileak agiri ziren jadanik. Buruzagien artean aita, Santiago Arana, Abandoko elizatearen ordezkari. Bestalde, hiru ordezkarik euskarazko katedra indarrean jartzea eskatu zuten, hizkuntza nazionalitatearen oinarri nagusia zelako. (Allí donde concluye la lengua de los pueblos concluye su nacionalidad). Batzar horietan Portugaleteko ordezkaria zen M. Loredok Jaungoikoa eta Foruak goiburua aldarrikatu zuen. Foruzaletasuna, aginte politikoa zen heinean, bereziki, liberalen ildokoa zena, erlijio katolikoaren sinesmenei erabat uztartu zion, transzendentzia erantsi zion eta bitan banatu zen foruzaletasunaren aldarria, liberala eta katolikoa. Aldi berean, Bilboaldean iraultza industriala errotzen ari zen eta gizartearen erabateko aldaketa gertatu zen.
Sabino Arana, Abandon gaztelaniaz eta Baionan, erbesteraturik, frantsesez eskolatu zen. Euskal akademia aldarrikatu eta 21 urtez, euskara euskaldunen nazioaren adierazgarria zela idatzi zuen. Gizarte moderno berrian, euskal hiztunek lekurik izango ote zuten Euskal Herrian? Horra oraindik argitu ez den erronka.
2.-Bigarren data, 1898 dugu. Sabino Arana Bilboko barrutian Bizkaiko Aldundirako hautatua izan zen eta bertan 1903 arte, ordezkari publikoa bihurtu zen. Garaiko giro horretan politikagintzaren arloan, hiru pertsona elkarren arteko jokoan agiri zaizkigu: Chavarri, Perezagua eta Arana.
Zer erakusten da? 18 jatorrizko margo, garaian garaiko goi mailako margolari ezagunen ikuspegiak, euskal abertzaletasunaren ildokoak batzuk, adibidez A. Guiard eta A. Guinea. Bestalde garaikide izan ziren sei pertsonairen busto eder: Aureliano del Valle, A. Guinea, S. Arana, A. Campion, R. de la Sota, M. Unamuno. Eta sarreran bertan Oteizak Sabino Arana aitzakitzat harturik, egin zituen 8 busto, zein baino zein Oteizaren erretratu zuzenak.
Sabino Aranak, publizitate eta propagandarako sena berezia izan zuen eta berak sortu zituen aldizkari eta egunkari guztiak agiri dira. Aldizkarien artean nabarmentzekoa da La lucha de clasesek 1898an maiatzaren 1ean argitaratu zuen azala.
Bere bizitzan barrena argitaratu zituen liburu eta liburuxka guztiak erakusten dira. Adibidez, 1896. urteko apirilak 12an Ereñon Espainiako parlamenturako hauteskunde egunean labankadaz J. A. Arrizabala hil zuten eta bere omenez eta gorazarrez Sabino Aranak idatzi zuen oroimena agiri da.
Setazko zapi ikusgarriak daude erakusgarri, ikurrinaren txoko berezian, ikurrinaren lehen zirriborroaren ondoan eta Sabino Aranaren bulegoko mahaia eta ezkondu ostean senar emazteen eguneko tresneria.
Edukiak eta atal nagusiak Hiru atal nagusi:
1.-Aurrekari politikoak eta garaiko giro soziala eta ekonomikoa
-Espainiako erresuman bi konstituzio indarrean jarri ziren, 1808 eta 1812an. Bizkaiko Batzar Nagusietako ordezkariek erabaki bera adierazi zuten: Bizkaiko konstituzioa bere horretan iraun behar zuela. Eta Sabino Aranak Egutegi bizkaitarrean J. J. M. Yandiolaren adierazpena (1808) euskarara itzuli zuen, Bizkaiaren aldeko konstituzioaren oinarriak aldarrikatuz. Burujabe-tzaren aldeko kultura politikoa abian zegoen. Abandon eta Bilbon euskaltasun politikoa agiri zen (Astarloa, Bizenta Mogel, Ulibarri) eta horren jabe egin zen. Batzar Nagusien bidezko gobernuak 1877ra arte iraun zuen eta euskal politikagintzan Batzar Nagusien ezabatzea, gertakizun epifaniakoa gertatu zen. Agintea galtzeak edonori kalte eragiten dio. Pi i Margall errepublikanoak Las nacionalidades liburuan 1877an idatzi zuena gogoratzen dugu: “Espainiak onartuko ote du euskaldunen independentziarik?”
-D’Abbadiaren bidezko koplarien guduak eta euskal jaiak gogoratzen dira. Bereziki, Euskal Erria aldizkaria, euskaroak eta zazpiak bateko armarria, 1892an inprimatua.
-Bilboaldeko gizartea erabat berritu zen. Atal honetan burdin meategietako paisaia agiri zaigu margoturik 1887ko akuarela handi eta eder batean eta pertsonai bi: Chavarri, meategietako jabeduna, ingenieroa eta enpresa industrial berritzaileen sortzailea. Politikagintzaren arloan Bizkaiko Aldundian eta Bilboko Udaletxean erabateko gehiengoa zuen, liberal ildokoa eta erregezalea. Bestalde, Perezagua, langileen buruzagia eta Tomas Meaberen margoa, A. Arruek egina. T. Meabek eta Sabino Aranak eztabaida interesgarriak izan zituzten.
2.-Aranatarren etxekoak ageri dira. Sabino Aranaren ibilbidea Bartzelonan, Renaixensaren garaian eta katalanismo politikoaren hasieran. Ikasle zela euskararen inguruko kezkak zituen, bereziki euskara goi mailako kultura hizkuntza izan zedin. Euskararen katedran porrot egin ondoren, Bilbora iritsi zenean ekintza politikoan sartu zen. Euskaldun Batzokia antolatu eta isilpeko alderdi bat: Bizkaia Batzarra. Vizcaytik Bizkaira R. M. Azkueren zarzuela goraipatu egin zuen. Elkarren arteko adiskidetasuna lehenik eta ondoren euskararen normalizazio prozesuan elkarren arteko lehia. Bizkaiko independe-tzia aldarrikatu zuen (1892) eta Nafarroaren aldeko. Bizkaitarra agerkarian espainiarrak arrotzak dira, españolismoa salatu eta euskal gizartean odola eta jaioterriaren araberako segregazioak amesten ditu. Odolak egiten du abertzalea idatzi zuen. Hasierako garaiko asmakizunak dira, piztu eta esna-tzeko. Euskaldun Batzokiaren aurkako denun-tzia zela eta 1895ean espetxean sartu zuten. Aranzadik idatzi zuen artikulua bere gain har-tzen du. Epaitegian D. Irujok bere defentsan euskal abertzaletasunaren teoria ondu zuen. Guztira, 8 denuntzia, 7 epaiketa, 3 izun jaso zituen.
Espetxealdiaren ostean, argitaletxea sortu zuen, goiburu batez: Pizkundea, industrigintza berriaren pizkundearen garaian, euskarak, euskal nortasunaren piztundea behar zuen izan. Azkuek bere aldetik Euskaltzale aldizkaria euskaraz sortu zuen, Aranak Baserritarra, gaztelaniaz eta euskaraz. Euskalerriako foruzaleak zirenak, Euskalduna agerkaria ere, liberal erroko euskal abertzaletasunaren alde. 1898an, azkenik, guztiak batera, euskaltasun politikoak hauteskundeetara jauzia egin zuen katoliko zein liberal ildokoa izan. Sabino Arana izango zen ordezkaria, handiki eta kazike berrien aurka, hau da, Chavarriren alderdikoak gailen-tzeko. Arazo soziala begi-bistakoa zen. Aranak azpiegiturarik ez zuenez, R. M. Azkueri Euskaldun Biltokia hauteskundeetarako erabiltzeko baimena eskatzen dio eta Azkuek baiezkoa. Eta horrela, Bilbo barrutiko hautesleriaren %9ak Aranaren kandidaturaren alde sinatu zuen.
1898ko hauteskundeak 1898ko hauteskundeen berri zehatza erakusten dugu, herriz herri botoen kontaketa. Jaso zituen 4.545 botoetatik erdia baino gehiago Bilbon hartu zituen, 2.524, boto-emaileen %32. Urdulizeko herrian %93 eta Erandion %57. Diputaziora heldu eta berehala helburu bi izan zituen: Kontu guztiak argi eta garbi eta bestalde handikien mesederako, hau da Chavarriren ingurukoentzat mesederik ez. Horrez gain, lau herrialdeetako Diputazioen arteko kontseilua sor-tzea proposatu zuen, euskal agintari-tzaren islatzat, ohikoa zena, hitzartu, baina ez zioten onartu. Erakusketan, hartu zituen ekimen guztien berri agiri da.
1899an udal hauteskundeetara aurkeztu ziren eta Bilbon 5 zinegotzi lortu zituzten eta Bermeon beste bost. Mundakan lehen alkate abertzalea, Salvador Etxeita. Arteagan eta beste herri batzuetan ere abertzaleen inguruko zinegotziak aukeratu ziren. Bi urteren buruan Bermeon gehiengoa lortu zuten eta amarratzaren (kazikeak izendatzeko metafora ederra) itxarrak gaindituz. Proiektu sozial bati atxikiturik agiri da euskal nortasunaren defentsa. 1901ean, Unamunok Bilbon adierazi zuen euskarak bizitza modernorako ez zuela balio. Eta hala zen, baina Aranaren erantzuna: egokitu dezagun eta Hendaian, euskaltzaleen bileran horixe eskatu zuen. Azkuek ere Unamunori idatzi zion, berak gaztelera egokitzen zuen bitartean, beste batzuk euskara.
Garai honetan abertzaletasuna alderdi bat baino ez zen. Batzokiak egin zituzten, Athletic eta Bilbao futbol taldeen arteko batasuna 1902rako sortu zuten Bizkaya izenez, Euskeria orfeoia, euskaraz eta latinez kantatzeko eta abar. Espainiako Gobernuak edozein aitzaki erabiltzen zuen ekimenak, El Correo vasco egunkaria eta beste, debeka-tzeko. Sabino Arana espetxean berriz sartu zuten telegrama bat Estatu Batuetako presidenteari bidaltzeagatik. Bizkaiaren independentzia lortzeko bideak jorratzen ari zen eta nazioarteko babesa lortu nahian. Espetxean zegoela beste alderdi berri bat asmatzen saiatu zen. Alderdi abertzale delakoa, isilpeko egitasmoa zen. Baina Liga de Vascos, hasieratik espainolista izanik, agerikoa bihurtu nahi zuen, Espainiar legearen baitan. Azkenik bere inguruko batzuk ez zioten jaramonik egin. A. Zabala jarri zuen alderdiko buru, alderdi berriaren aurkakoa, legegizona, historian aditua eta euskalduna. M. Cortes ondoan zuela, ekin zion alderdi abertzalearen antolaketari. Sabino Arana N. Atxikallanderekin ezkondu zen Abinan (1900). Baserritarra eta sozialki behe mailakoa. Bere ingurukoek ezkontzaren aurka zeuden baina bere ezkontza sozialki esanguratsua bihurtu nahi izan zuen, doktrina demokratikoen alde zegoela erakusteko (hala adierazi zion E. Aranzadiri). 1903an jadanik, pertsonai politiko ezaguna zen eta bere heriotza egunkari guztietan agiri zen. Erakusketaren azken atala, gomutaria da. Bertan 1936an Arana-Goiri gudaltaldearen ibilbidea ere azaltzen da.
Erakusketa Ondare aretoan ikus daiteke (María Diaz de Haro, 11. Bilbo).
Egilea
Comentarios
Publicar un comentario