BULUKUATARRAK
Bulukua baten lehenengo datua, Busturian, Inazio Martin Bulukua medikuarena da –“Maisu Zirujau Barberua”–, gutxienez 1778tik. Bollegi baserrian bizi zen eta, gainera, Axpe auzuneko auzo ordekari legez jardun zuen behin baino sarriago zenbait auzitan, horietariko bat Busturiako eliz kabildoarekin.
Ugazaba aberatsa, 1810. urteko Busturiako Kontu Liburuan Inazio Martin Bulukua burdinolen industriako kapitalistarik handienetako bat legez agertzen da. 1800an Oñarteko errota (Axpe auzunea) eraiki zuen, beheko solairuko atearen ateburuan tailaturiko marrazkidun inskripzio eder batek aitortzen duen moduan, esaten baitu: “1800 urtean errota eder edo bolua oñarteco dacutsuna bolucua jaun bere javyac barrya onian eguinda”.
Gaspar Meltxor Bulukua Zurikarai aurrekoaren semeak filosofia egin zuen Oñatiko Errege Unibertsitatean eta batxiler titulua atera zuen 1806an. Aitak berotuta, Frantziara joan zen eta han medikuntza karrera egin zuen. 1813an Busturiako mediku plaza eskuratu zuen bere aitaren ordez. Dirudienez, bera izan zen “Le-Roy” formularen aurkitzailea, hau da, gaixoen sendakuntzan emaitza onak lortzen zituen medizina motarena. Hain handiak izan ziren sendakuntza indizea eta medikuak lortu zuen ospea non penintsula osotik Busturiara jendea erruz etorri baitzen. Baina medikuntzaz gain, Gaspar Meltxor Bulukua Busturiako “San Mames” portzelana eta toska fabrikako “arima” ere izan zen.
XVIII - XIX mendeetan, Bulukuatarrek Busturian hainbat etxalde izan zituzten. Axpen etxe baten jabe ziren, Bollegi eta Santarena baserriak eta Oñarte errota ere eurenak ziren. Hainbat mendi, harizti eta gaztainadiren jabe ziren. Gasparrek Axpeko harrobia ustiatu zuen eta bertatik atera zuen Muruetako elizako harlanduak egiteko harria.
Bulukuatarrak hurrengo pertsonaia motaren adibide argi dira, hots, ez latifundio handien jabe zen aristokraziarekin, ez aitonen seme-alaba pobreekin ere, inolako antzik izan ez zutenena, eta zehazki burgesak ere ez ziren izan; esan daiteke Ingalaterra bezalako lekuetan “the gentry” zeritzenen antz gehiago zutela, hau da ondasun estimatuentzat burdinola eta erroten jabe izatea zuten familiena eta euren kapitalak beren herriaren eta herrialdearen onerako inbertitzea erabaki zutenena, eroso eta lasai bizitzea gura zutenena, erabilita beti uneko aurrerakuntza guztiak eta modara egokituta; beraz, “Real Sociedad Vascongada de Amigos del Pais” Elkarteko kideek irudikatu zutenaren adibide argi izan ziren.
Comentarios
Publicar un comentario