Jose Maria Uzelai Uriarte
JM UZUELAI URIARTE (1947) |
JAIOTZA ETA HASTAPENAK
Jose Maria Uzelai Uriarte Bermeon jaio zen 1903ko azaroaren 1ean, eta bertan bizi izan zen 6 urte bete arte. Eskola adinera heldu zenean Bilbora eraman zuten eta 1912an izurri bat dela-eta Busturiara, bere amaren jaioterriko etxera (Txirapozu), ekarri zuten. Batxilergoa amaitu zuenean, aitak Madrileko Ingeniari Eskolan matrikulatu zuen, baina ez zen joan eta aitak Busturian konfinatu zuen amaren aldetiko izeba-osabekin.
1922an, bere bokazioa pintore izatea zela aitari esan ondoren, honek bere ikasketetarako gordeta zeukan dirua eman zion eta Parisera joan zen; Parisen 1938ra arte egon zen eta han artista abangoardista asko ezagutu zituen. Sasoi horretan (1993) egin zuen Bermeoko batzokiko Murala, gerra zibila hasi aurretik egin zuen obrarik handiena hain zuzen, eta urte berean ezkondu zen Ines Atxirikarekin Arantzazuko frantziskotarren santutegian. Parisen jende ospetsu asko ezagutu zituen: Paul Moran, Alejo Carpentier, Blaise Cendras, Hemingway eta Espainiako Primo de Riveraren diktaduratik atzerriraturik zegoen Unamuno, beste batzuen artean.
Jose Antonio Agirre Lehendakariak, 1936an, Arte Ederretako Zuzendari izateko eskatu zion eta, ikasle garaitik ezagunak zirenez, proposamena onartu zion. Berea izan zen, Julian Tellaetxerekin batera, Euskal Herriko arte obrak gerra zibil garaian zaintzeko ardura. Eta, Euskal Herriko beste artista asko legez, berak ere atzerriratu beharra izan zuen eta Ingalaterran egon zen 1949ra arte. Sasoi hartakoa da (1948) beste batzuen artean “Caronia” transatlantikoko murala. Obra horrek lau panel handi eta ateburuko luzanga bi ditu, eta hiru kolore zirriborrotsurekin soilik eginik dago. Atzerritik 1949an itzuli zen bere oinetxera, Txirapozura, nahiz eta irteera labur batzuk egiten zituen Madrilera.
KRISIA
Artistak aldi txar bat ezagutu zuen, ez baitzuen aurkitzen eroslerik bere produkzio artistikoarentzat. Egoera horrek bultzatuta, batzokitik ostuta Bermeoko Arrantzalearen Museo bihurtutako Ertzilla Dorreko areto nagusian erakusten den horma pintura ordaintzeko eskatu zion Bizkaiko Aldundiari. Era berean, Inazio Arregi azken erosleetarikoarengana zuzendu zen “Notas acerca del encargo que, segurísimamente, puede hacerme la Diputación sólo con mirar un poco los motivos que los justifican” izenburutzat daukan gutun pertsonal baten bidez. Eta Aldundiak, Bermeoko Murala ordaintzearen truke, Gernikako Juntetxean 80 metro karratuko fresko bat egitea eskaini zion; baina gero Aldundiak ez zuen onartu proiektua eta ez zen burutu. Egoera horri gehitu behar zaizkio bere amaren heriotza 1961ean eta kreditu batzuen epemuga; eta horren guztiaren ondorioz, pintorea depresio afektiboak erabat jota utzi zuen eta Madrileko bere pisuan babestu zen irakurtzeari emanik.
AZKEN URTEAK
1969an Busturiara behin betirako erretiratu, munduan pasatzen denaz ahaztu eta asto-pinturara dedikatzea erabaki zuen, presarik eta urgentziarik barik. Hirurogeita hamarreko hamarkada gainbehera eta etsimendu, hala fisiko nola espiritual, aldia izan zen. Gure artista, ohera nahiko sarri eramaten zuen artrosi batek deseginda, pianoan eta oroitzapenetan babestu zen. Uzelai 1979ko azaroan gaixotu zen eta harrotasunez beterik beti erakutsi zuen buru-argitasun eta estoizismoz Bilboko klinika batera eramanik, bertan hil zen urte bereko eguberrian.
OBRA PIKTORIKOAREN KONKLUSIOA
Uzelairen pintura, pintura erabat pertsonala da, “euskal eskola” deritzonaren artean orijinalena zalantzarik barik. Dena den, Uzelai, euskal pintore gisa, “lurraldetar mitotik” aparte dago; bere “sorterriak” gehiago funtzionatzen du transposizio leku legez (esperientzia erradikaletan gertatu ohi den bezala).
Errealismoan, nolabait magikoan eta era berean manieristan, inskribaturiko pintura da, –naturala ez den heinean eta mihisean agertzen diren elementu guztiak perspektiba batasun berarekin ikusita ez dauden neurrian, nahiz eta atmosfera berean arropaturik eta inguraturik agertu–.
Uzelairen irudikapena zehatza eta garbia da, baina ez du bilatzen espiritu fotografikoa, erreferenterekin berdintasuna, alderantziz baino, berak ikusten duenaren irudikapena bilatzen du, autorearen nortasunaren eta estiloaren aztarnak biltzen dituen “artearen lilura” hain zuzen.
Uzelai, maisurik eta ikaslerik gabeko pintorea da. Autodidakta, Txirapozu bere oinetxeko lehenengo konfinamenduan ikasi zuen bere inguruan zegoen mundua ikusten eta islatzen. Hortxe dago, Txirapozun hain zuzen, bere pinturaren gakoa.
Parisera, azkenekoaren, abangoardiaren alegia, bila doa eta hori Busturiako argian, baserritarren jasean eta Txirapozun aurkitzen du
Bere obran Txirapozuko objektuak agertuko dira: bertako leihoak, mahaiak eta aukiak, tigre larrua, mahai-zapiak, eskopetak eta ekialdeko erretiluak, zeramikazko piezak eta loreak, sarrerako mimosak edo terrazako agapantoak; baina ez bakarrik etxaldeko elementuak, baizik baita Solluberen eta Ereñozarreko San Migelen artean, Urdaibai itsasadean zehar, dauden mendiak, hodeiak, padurak eta animaliak ere
Jose Maria Uzelaik familiaren jauregitik eta bere ingurunetik hartzen duen eragina erabatekoa da gero birsortuko duen paisaiarekin eta bere barruko munduarekin zerikusian, bere mihiseen gai ikonografikoei eta, bereziki, bere konnotazio estetikoei, zehazki berengan grabitatzen duten mundua eta ikuspegiari, dagokienez. Eta Busturiako jauregia amaren leinukoa da, ehun urtetan zehar giro eta artista bat sortu, eragin eta leku eman dien elkarturiko hiru sendiren sintesia.
Comentarios
Publicar un comentario