2020KO BERROGEIALDIKO EGUNEKOA (I)





1918ko gripe izurria


2020ko martxoaren 14an larrialdi egoera iragarri dute. Covid19 etsai publikoaren erasoa dela eta. Biharmunean, Arrate adiskideak, 1918ko gripe erasoaldia izan zela eta Bibaon atera zuten GRIPE / IZUŔI – GEXOA GALAZOTEKO / BILBAO'KO OSALARI-BAZKUNAK / AGINDUTEN DAUAZAN EGIN-BEAŔAK izeneko liburutxoaren pdf kopia helarazi dit.

Liburutxoaren titulu lau letra moldez, lau tamainaz eta lau taxuera ezberdinez dator, azpian jaunerreriko armarria -adaburua gurutzeak eutsirik duen zuhaitza, enborrean ezker-eskuin korrika orak, orek ahoan ehizaki bana; alegia, gu geu orain-. “BILBAO: / Bizkai-Alúndijaren Irarrkolea / 1918”, halaxe dakar armarriaren azpian. Goizari ekiteko era ederra.


Testua zabaldu baino e- eta 1918ko izurria eta aspaldi batean haren harira idatzi nahi izan nuena etorri zait, indartsu, gogora.

-Idazteari ekin?, nire artean.

Behin ekinez gero zelan gero utzi.

Hobe goiza ordenatzea eta horren ostean erabakitzea zer egin.

Anaia nagusiari deitu diot.

Etorriko denentz, atzo bezala.

- Ez dakit!, zakar erantzun dit.

Antibiotikoa hartzen harrapatu dudalakoan nago.

Nire deia zertarako-eta etorriz gero ogia ekartzeko esateko izan da.

Etorriko den ez den etorriko argitu ez didanez, ogiaren bila neu joatea erabaki dut, burura etorri zaidanaren idaztea beranduagorako utzita.

Joan naiz ogiaren bila eta bide batez Gara hartzera, igandea da eta.

Kaleetan jende banaka batzuk eta dendetako atarietan banakoak ilaran.

-Sartu, barrura!, egunkaria hartzen dudan dendako beharginak, gizon gazte segaila, atsegina, betargiak. Jatorri errumaniarra salatzen dion gaztelania ondo ahoskatuz, ohi bezala.

-Txinbo xaboirik?, otu zait itauntzea, lau egunetarako ogia eta porru baratzetik atera berriak ere erosita. Usaina darie, supermerkatukoi aspaldi igartzen ez diedana.

-Edozein xaboik balio du, esan dit dendako neskak. Latinamerikarra?

Hor kanpoan udaltzainak betiko betartea erakusten du.

Izan ditu goiz eroangaitzagoak.

Gaur, kamiorik ez eta autorik ere ez kasik, ez dauka herrian goizetan izaten den anabasari aurre egiteak eragin ohi dion aztoramena. Seme-alaba txikiak dauzka eta, adi! Aginduak zehatz bete behar.

Berriro etxean, testu honetako lehen bi lerroak idatzi ditut, eta, amaitu orduko, danba atean.

- Bera ote?

Anaiak eta biok eskuartean daukagun zeregina liburuak eta apalategiak etxetik ganbarara eroatea da. Horretarako anaiak sokazko eta zerezko, zera, zelan da?, polea!, sokazko eta poleazko garabi antzeko aparailutxoa egokitu du. Garabitxoari plastizkoko fruitu kaxa horietako bat lotu dio. Horixe da gure ontzitxua. Azul iluna bera. Guztiz kostakoa.

Halaxe ibili ginen atzo eup, gora, geldi, eutsi, hor, beste bat? Badirudi niri laguntzeko beharra sentitzen duela. Eta honelako lanek eragiten dioten plazera ere ez da makala.

Anaia gaixo kronikoa da. Covid19 herriaren etsaiak jo mugan omen dituenen arrisku biderkatukoen multzokoa. Adinaren aldetik ni neu ere banaiz. Carpe Diem.



Garabitxoaz liburu sorta ederra mugitu ostean berton etxean egin dugu eguerdietan edan izaten dugun ardo zuri parea. El Coto. Prezioz asumitugarria eta aho onekoa, beregan pentsatuz hartu nuen. Herriaren etsaiaren galapa-hotsak gure murailetara iristen ari zirelarik. Atzo goizean.

Ardoaren altzoan hondartzan dabilen jendeaz hitz egin dugu. Eta kirolariez. Autoen hotsak ere aipatu ditugu. Eta zer esanik ez tenperatura.

-Hogeita hamabost eta zeozer nik goizeon? Zuk?

-Ez dut begiratu.

-Ba begiratu, hostia!

Egin egin dut. Hogeita hamabost eta erdi.

Gu biok sugeen arrazakoak gara.

Joan da anaia, sabela pozik.

Egin dut bazkaria; entsalada eta azken egunotako makailaoaren hondakinak.

Kafea hartu artean 1918ko gripeaz eta gainerakoaz aspaldi batean atondu nuen karpeta non arrano egin liteken egon naiz. Galdu egin ez ote dudan. Zelan baina?

Gora joan naiz.

Bilatzeari ekin diot, azken egunotako liburu, karpatea eta paper anabasari delako anabasa sortzeko erabili dudan itxurazko logikarik gabeko sakoneko nire-neure logikaz begiratuz. Bai, zorokaria dirudi logikarik gabeko logikaz hitz egitea anabasei gagozkiola. Horrelaxe da ostera. Anabasak, sortu ez; gure anabasak eratu egiten ditugu. Guk geuk. Ikusiko da Herriaren Etsaiak -letra larrietara etorri naiz- sortzen ari den eta ziurrenik are handiago sortuko edo sorraraziko duenarekin.

Horra karpeta!

Besapean hartuta itzuli naiz behera.

Kanpora irtetea, osteratxo bat egitera, ala oraintxe begiratu?

Bigarrenaren alde egin dut.

-Ondo!

Loak hartu nau.

Seinale ona.

Arrastian, ordenagailuaren aurrean jesarrita, goizeko lerro biei segida ematean ez da gaitza izan; 1918ko haren titulua izenburu zoragarria kopiatu dut (kasik ehun ute igarota honelaxe litzatekeena: Gripe izurri-gaixoa eragozteko Bilbaoko osalari-bazkunak agintzen dituen egin-beharrak).

Goizeon gain-gainetik begiratzean begitandu zaidan legez, eder iritzi diot. Baita barruan dakarrenari ere. Bizkaia-Aldúndijaren itzultzailea Kirikiño bera ez ote zen, garabitxoarekin gora eta behera ibili garen artean eta gero lo kuluskako argitasun-tarteetan ere horixe etortzen izan zait. Auskalo. Galdetzekotan geratzen naiz, ikusiko da noiz, Interneten bidez ezin.

Kirikiñoren gogoramena serendipitasun hutsez izan da. 1918ko gripea, izan ere, Bizkaiko idazleak Guda Nagusia esaten zion hartan izan baitzen, eta, jakina baino jakinagoa denez, Kirikiñok hartaz ia egunero idatzi baitzuen. Gehienetan hari buruz irakurriak itzuliz hain zuzen. Euzkadi egunkari jeltzale % kasik % erdalduneko euskal orrian. Ez dirudi orduko gripea aipatu zuenik.

Itzela izan zen. Sekulakoa.

Gripe espaniarra deitu zioten.

“Izurrite horren ondorioz -diosku euskaraz Wikipediak- 50 eta 100 milioi arteko gizon-emakumeak hil ziren mundu osoan”. Euskarazko beste sarrera batean, Wikipediak berak, “500 miloi kutsatu eta 20 eta 100 miloi arteko gizon-emakumeak” hil zituela dio. Kutsatuen %5 eta %5 artean, ez da makala aldea.

Azken egunotan sareen bidez hedatu diren mezuetan -bada paradoxa gero, “sareek hedatu” hori- behin baino gehiagotan aipatu da Covid19 Herriaren Etsaiak munduko populazio guztia kutsatu duela, eta ez aipatzea hobe dugun kopuru bat heriotza eragingo. 1918-1919koa, adi tarteari!, Izurri Beltzari alderatu zioten. Izurri Beltza, Europako populazioaren herena edo bi herenak hil zituena, 1340 urtea aldera izan zen.

Hartatik Boccacciok orduan Il Decamerone ederraren aitzakia hartu zuen. Idazlenaren egitura Wikipediatik hartu dugu.

“Il libro narra di un gruppo di giovani (sette ragazze e tre ragazzi) che, durante l'epidemia di peste del 1348, incontratisi nella chiesa di Santa Maria Novella, decidono di rifugiarsi sulle colline presso Firenze. Per due settimane l'«onesta brigata» si intrattiene serenamente con passatempi vari, in particolare raccontando a turno le novelle, raccolte in una cornice narrativa dove si intercavallano più piani narrativi: ciò permette al Boccaccio di intervenire criticamente su varie tematiche connesse ad alcune novelle che già circolavano liberamente.

Boccaccioren garaietan baino kontzienteagoak omen egungook. Itxura hutsa. Madriletik Sierrara egin duten bigarren horretan etxea daukatenek. Adibidez.

Gurago nuke nik neuk ere hamabost egunerako, etxean egoteko agindu diguten aldirako alegia, Firenzeko gertukoetan ez dakit baina Bizkaiko zein Arabako muino eder, muino hotz, muino gorri, auskalo, horietako bateko legez kanpoko txalet-tzarren batean bildu, beste sei gizonezkorekin eta hiru emakumezkorekin -utz dezagun ragazze ala donne, ragazzo ala oumini- eta hartan jan, edan, ipuin kontari jardun eta, eztiak beti eztitasunari dei, batek daki zer beste ere egin. Hori bai, eztiak ezti, eztenak beti ezten; Boccaccioren kritiko-espiritua gogoan, kontatu genitzakeen ipuinak ez litezke txalet tzarraren jabeen gogoko izan.

Dei egin da eguneton irakurtzera, eta aipatu, besteak beste, Il Decamerone. Disgresiotan nola sartu, jakintza horretako maisu lan eta gida liburutzat ere jo litekeena. Esker onez diot, ze zer da orain arteko hau besterik disgresioa baino?

Zertarako-eta zera esateko, 1918ko izurri hark hil zituenen artean Eugenio Alegria zegoela esateko. Horra bada esanda.

-Eta nor zen ba Eugenio Alegria hura?

Horri erantzun aurretik beste disgresio baterako tartea hartu behar dut, oraindio goiz baita, 19:26ak, igandea izateko igandeetakoak kasi guztiak falta dituen igande honetan. Kasik guztiak diot, zeren eta hamabiak bost gutxiagotan elizako kanpai-hots elektronikoak hedarazi baitituzte, mezatara deituz. Anaiak ziria sartu dio hor nonbait entzule izan genezakeen jende horri.

-Ez dute esan ba jendeak batzen diren lekuak ixteko?

-Ez da egon potrorik, nik.

Anaiak, arrisku-taldekoen artean arrisku politean bizi denak, zirtoetarako eguna ekarri du. Gerta lekiokeenaren itzala uxatzeko edo. Il Decameronen bezalaxe. Ironiara joz. Ardoaren ordua kendu digutelako digestioa horrelaxe eginez.

Ez da anaiarena baina egin nahi izan dudan disgresioa. Izurrien ezizenez buruzkoa baino.

Espaniar gripea esan zioten 1918an lehartu zen hari. Izan ere espainarretik ezer ez zeukan arren. Hasteko, virusek naziotasunik ez dutelako. Nahiz eta esan Voxeko faxista ahobero horrek, Smith jaunak, bere antivirusak “guztiz espaniarrak eta -esan gabe doa- sendoak direla” eta “txinatara viris ziztrin hori” mendeak hartuko dutela zalantza izpiriki ez duela. Jakin baleza Voxekoak!

Espainiar gripea eritzi zioten hari Espainia aldean antzeman ziotelako jarri zioten ezizena. Izurri Beltzarena, poetikoagoa, jada hartuta zegoen.

Nolanahi ere espainiar ezizena ez zen hutsetik etorri. Europan gudan sarturik ziren estatu gehienek, gudaren logikan sarturik, zentsura zorrotza jarrita zeukaten sarraskia izaten ari zen hartan zenbat hildako ari ziren ekoizten inork ez esateko. Estimazioen arabera, bederatzi milioi militar eta zazpi milioi zibil hil ziren gerraren ondorio zuzenez. Horrezaz gainera, hainbat geneozidio erraztu zituen, hala nola, armeniarrena Turkiaren eskutik, 1915ean hasia eta bukatutzat 1925ean.

Ingurugiro hartan Espainiako Erresuma gudan ez zegoenez, eta ondorioz gaixotasunari buruzko albisteak eta berriak hedatzeko halako zentsura berezirik ezarri ez zenez, hartan gaixotasunak gerran ziren beste estatuetan baino larritasun handiagoa zuelako ustea zabaldu zen. Frantzian, Erresuma Batuan eta Alemanian gobernuek zentsuratu egin zituzten hedabideetan gaixotasunari eta hilen kopuruei buruzko berriak, tropen morala jaitsiko ote zen beldur. Gasak zeuzkaten eta, eskerrak! Errudun nor egin ez zuten falta.

Virusen mugimendu askatasunaz hitz eginez dihardute azken egunotan. 1918ko hartakoak ere ez omen zuen bide makala egin. H1N1eko A azpimotako zen, aipa dezagun izena, ez dadin gerta oraingoari zientziak COVID19 izen dotore hori jarri -zer dela eta egiten zait horren ezaguna izena?- eta gu oraingook hartako harekin ahaztea. Oraingoak H1N1eko A azpimotako hari parera iritsiko zaion ez dakigula, gainera. Beste disgresio bat!

Zientzalari batzuen iritziz H1N1eko A azpimotako virus hura Estatu Batuetako Kansas estatuko Fort Riley delakoan eratu zen. Izenak iradoki bezala Fort Riley militar lekua zen eta, handik mundura zabaldu zituzten soldaduak, eta haiekin batera virusak ere mundu zabalera egin zuen. Beste batzuek H1N1eko A azpimotako hura Kansaseko Fort Riley hartan barik Texaseko Camp Fuston delakoan eratu zela uste dute. Hain zuzen ere hartan lanean ari zirenen txinatarren artean, harrapa egizu hori!

Hirugarren hipotesi bat ezin bazterrean utzi, erreki hutsez ez balitz ere aipatzekoa bailitzateke Inuit herriaren patua izurri harekin, genozidio hitza erabiltzea merezi duena.

Ternuan eta Labrador uhartean seirehun lagun hil zituen izurriak, 1918ko iraial eta urria artean. Bigarrenean lehenean baino gogorrago jo zuen, populazioaren herena eraman baitzuen.

Natorren baina harira. Hots, 1918an Bilboa'ko Osalari-Bazkunak agindu zituen egin-beharretara. Honelaxe dio Bazkunak sarreran:

“Gexo-izuŕiak agertzen diran aldietan, Udal, Aldundi eta enparau agintarien osasunaren aldezko alegiñei, notiñak eurak be, bakotxak bere burua zaindurik, gogoz eta biotzez lagundu behar deutse, beztela agintarien alegiñak alpeŕezkoak izango dira ta gexoak, gustien nagikikeriez, geroago eriotza geigago egingo dau”.

Behetik gorako hierarkia hori -Udal, Aldundi eta enparau- urraturik ikusi du goizeon EAEko lehendakari Iñigo Urkulluk, Madrilek hartu baitu, tza-tza! Osakidetzaren eta Ertzantzaren kontrola. Hori alde batera, 1918koak bart Urkulluk berak zein Espainiako Erresumako Presidente Pedro Sánchezek egin diskurtsoen aurrekaritzat jo litekeen moduan segitzen du. Honelaxe esanez:

“Bakotxak, ba, al daun neuŕi ta eran, Agintarien asasunaren (sic) aldezko lan, zeregin eta ardureai lagundu egin behar dautso, ezetariko eragozpen ta bage barik.

“Oŕetara, gripe gexoa, gizadiaren izuŕi kaltegarri geizto ori, galazo egingo dozube.”

Ikusten da, ba. Orduko mezua, oraingoaren berdintsua.

Izurria zertatik datorren, zerk eragin duen, zer dela eta hedatzen den hain bizkor, zertan ezin da gelditu, zer hitzaren deklinabide kasu horietaz ezer ez. Ez orduan, ezin ere ezin zen eta, eta ez orain. Boccaccioren hitzak ekarri behar gogora, haietatik egokitu beharrekoak parentesi artean jarrita.

“Diodan bezala, beraz, Jainkoaren Semearen gizakunde oparoaren mila hirurehun eta berrogeita zortzi urtean izurrite hilgarri bat heldu zen italiar (euskal) hirien artean nobleenetarikoa den Florentziako (Gasteizko) hiri ospetsura. Astroen indarrak eraginda, edo Jainkoaren hira zuzenak gizakioi bidalita gure zitalkeriaren zigortzeko, urte batzuk lehenago hasi zen Sortaldean (uler bedi Txinan); bizitza kopuru izugarria eraman eta, inon gelditu gabe, etengabe hedatu zen, azkenik, tamalez, Sartaldera (Mendebaldeko Zibilizazioara) heldu zelarik. Gizakion jakituria eta neurriek ezin izan zuten ezer egin haren aurka: ez hiriko zikinkeriak garbitzeaz arduratzen ziren ofizialek, ez bertara izurridunak sartzeko debekuak, ez osasuna zaintzeko aholku ugariek, ezta Jainkoari pertsona elizkoiek ez behin bakarrik baizik eta askotan prozesio eta antzekoetan zuzendutako erregu apalek ere; aipatu urteko ia udaberriaren hasieran bere eragin mingarriak era beldurgarri eta harrigarrian hasi zen erakusten...”

Ez gara egon mezatan hamabietan. Ez dugu ohiturarik. Anaiak eta biok askotan izan baginen ere monagilo. Izan ziren tartean hildakoaren gorpua barik egindakoak. Urrun hiltzen zirenenak ezin herrrira ekarri, jakina. Eugenio Alegriarena, esaterako.

Baina nor zen Eugenio Alegria, disgresio luze honetarako aitzakia eman diguna?

Erantzuna, bihar.

Herriaren etsai Virad19 horrek teklatuaren aurrean paratzeko era edo modua eragozten ez badit behinik behin.


Edorta Jimenez Ormaetxea

Mundakan, 2020ko martxoaren 15an.


Comentarios

Entradas populares de este blog

LA ISLA DE CHACHARRAMENDI Y LOS GANDARIAS

PERSONAJES DE MUNDAKA